XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. GURE LITERATURA KLASIKOA

SARAKO ESKOLA. AXULAR

- Sarako Eskola

XVII mendean, Iparraldean euskal literaturaren loraldia gertatu zen, Lapurdin batik bat.

Literatur mugimendu hau garai honetan Lapurdik izan zuen ekonomi aurrerapenari loturik ere ikusi behar da, itsasoan oinarrituriko aberastasuna.

Horrela, harrigarria bada ere, 25.000 bat bizilagun besterik ez zituen herrialdea bilakatu zen literatura klasikoaren sehaska.

Bizkunde hau Sara, Donibane Lohitzune eta Ziburu herriek osatzen duten hirukian garatu zen, nahiz eta Sara herria zen gune garrantzitsuena.

Hain zuzen ere, hori dela eta Sarako Eskola izena eman zaio.

Sarako Eskola, berez, lagunarte batean (eliz gizonak, gehienak) sorturiko asmo baten gauzapena dugu.

Bere helburuak: batetik, euskaldunei erlijio zeregin eta irakaspenak beren hizkuntzan, euskaraz, idatziz ere heleraztea; bestetik helburua izan ez bazen ere, lorpena bai, behintzat, literatur hizkuntza landua, bateratua eta baliabideetan aberatsa sortzea, idazle talde batek tresnatzat erabiliz.

Asmo honen berri ematen digu Gero-ren sarrerak:

Sarako Eskolako partaideak erlijio gizon ikasiak genituen: Etxeberri, Teologian doktore; Axular, Salamancan ikasia...

Euren artean erlazio estuan zeuden, talde lanean arituz ia-ia; alderdi horrek eman zien haien idazlanei hizkuntz baterakortasuna.

Hizkuntza hau lapurteraren gainean moldatua zen, eta lapurtera klasikoa deitu izan da.

Partaideak, berriz: Axular, Etxeberri Ziburukoa, Materre, Haranburu, Harizmendi, Argainarats...

Idazle talde honetatik, alabaina, kalitate desberdineko lanak irten ziren: debozio liburu arruntak, itzulpenak eta maisu lan batzuk ere bai, Axularren Gero ospetsua aipagarri, literatura aszetikoaren punterengo emaitza.

Axular (1556-1644)

Pedro Dagerre Azpilkueta 1556. urtean jaio zen, Nafarroako Urdazubi herrixkan.

Axular goitizena bere jaiotzeko baserritik datorkio eta era horretara deitu eta aipatu izan da aspalditik.